2011/11/16

3. SAKONTZEN: SOINU ARTXIBOAK (Berria egunkaritik)

Audio formatuen artean MP3 da ezagunena, zalantzarik gabe; baina ez da bakarra, antzeko funtzionalitatea edo beste batzuk dituzten audio formatuak ere badaude.


Jabi Asurmendi Sainz


Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak

Zibergela atalean ez da lehen aldia multimedia formatuen gaia agertzen dena, aurreko batean ere irudien formatuei buruzko gaia jorratu zen, (http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/27/irudi-formatuak/). Kasu horretan, irudien formatuena gai nagusia izan zen, eta oraingo honetan audio formatu batzuk aipatuko dira.

MP3

Audio formatuak aipatzen direnean, ordenagailuan edo edozein gailu digitaletan musika entzuten duen edozein erabiltzaileri MP3 etorriko zaio burura. Izan ere, formatu hori audio formatuen artean ezagunenetarikoa da. MP3 gisa ezagunagoa bada ere, bere izen teknikoa MPEG-1 Audio Layer III da. Formatu horrek audio fitxategiak konprimitzea ahalbidetzen du, kalitate galera ekartzen badu ere.

Moving Picture Experts Group-ek (MPEG) sortu zuen bideo-formatuan audioa kodifikatzeko 1995ean. Garai horretan, formatu horrek ospe handia lortu zuen, eta azkar hedatu zen, batez ere, Internet erabiltzaileen artean. Izan ere, hain konpresio handiari esker audio-fitxategien trukea Interneten bidez egitea ahalbidetu zuelako. Adibide gisa, konprimitu gabeko abesti batek 56 MB baditu, 5 MB baino gutxiagoko tamaina izan lezake formatu horren bidez konprimitu ostean. Hala bada, Interneteko banda zabala gaur egun bezain hedatuta ez zegoenean, Interneten bidez audio fitxategiak trukatzeko bide bakarra bihurtu zen, pazientzia edo burua galdu gabe, behintzat.

Bistan denez, MP3 formatuak hamar aldiz baino gehiago konprimi lezake audio fitxategi bat, informazio galera ekartzen badu ere, kalitate maila handiari eusteko gauza da algoritmoa. Giza belarriak entzuten ez duen informazioa kentzea da kontua, hau da, giza belarriak entzuten ez dituen frekuentzietako uhinen informazioa. Dena dela, kalitate-galera handiagoa edo txikiagoa izango da konprimitzeko aukeratzen den kalitate-mailaren arabera.

Gaur egun, Interneten ez ezik, musika entzuteko gailu guztietan ere oso erabilia da MP3 formatua. Hain zuzen ere, audio-formatu hori gehien erabiltzen da oraindik. Hala ere, konpresio-gaitasun berberarekin kalitate berdina edo handiagoa eskaintzen duten beste formatu batzuk ere aurki daitezke gaur egun, adibidez, Windows Media Audio eta Ogg Vorbis.

OGG

Ogg-ek, adibidez, ez dauka patenterik; audio-formatu libre bat da. Formatu honetako fitxategiei .ogg fitxategi-luzapena ematen zaie, eta Ogg proiektu multimediaren barnean dago, non audio eta bideo formatuak biltzen diren.

Malgutasun handia dago kalitate ezberdinetan konprimitzeko, MP3 formatuaren kasuaren antzera. Adibidez, konpresio-maila baxua aukeratuz gero, musika fitxategi bat kalitate handian gorde daiteke, eta hainbesteko kalitaterik behar ez duen telefono bidezko elkarrizketa bat asko konprimitu daiteke konpresio maila handituz.

WMA

Berdin gertatzen da Windows Media Audio-rekin ere, nahiz eta dagoeneko galerarik gabe konprimitzeko aukera garatu duten. Formatu horren jabetza Microsoftek du, eta, Ogg Vorbis-ek ez bezala, audio-fitxategien erabilera mugatzeko bide bat eskaintzen du. Hau da, sistema batean sortutako audioa beste sistemetan erabiltzea galarazteko aukera ematen du.

Wave Audio Format, aurrekoak ez bezala, konpresiorik gabeko formatua da. WAV izenarekin da ezagunagoa, hori delako formatu horri dagokion fitxategi-luzapena. Konpresiorik gabeko audio formatua denez, ez du kalitate-galerarik, baina mota horretako audio-fitxategiek tamaina handia izaten dute. Abesti arrunt batek ia 50 MB izan ditzake, esaterako. Grabaketa minutu bakoitzeko 5 megabyte inguru behar du. Horrez gain, tamainaren aldetik muga bat dauka: 4 gigabyte baino handiagoko audiorik ezin da gorde; 6 ordu eta erdi inguru, alegia. WAV formatuaren jabetza Microsoft eta IBMrena da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario