2011/10/01

2. ANALIZATU: Taldeko aurre ezagutzak eta ikaskuntza beharrak definitu

Zer dakigu arazo honen inguruan? Zeintzuk dira gure gabezi kontzeptualak?

Lehendabiziko klasean "etorkin digitala", "natibo digitala", "teknofobia" eta "teknofilia" bezalako kontzeptuak aipatu ziren. Zalantzarik gabe, IKTen erabilerari loturik dauden kontzeptuak dira, eta gauzak kokatzen eta ulertzen asko lagundu baziguten ere, gu ez ginen identifikatuegiak sentitu. Nahi baldin bada, adinarengatik, "etorkin digitalak" garela onartu beharko dugu, baina uste dugu, jarrerari dagokionean, nahiko ongi "integraturik" gaudela "gizarte berri" horretan, edo gutxienez, ahaleginak egiten ditugula "bertako hizkuntza" ikasi eta "erabiltzeko".

Hala ere, kontzeptu horiek ezkutatzen dituzten jarrerak, guregan baino askoz ere modu nabarmenagoan antzeman ditugu, adibidez, gure fakultateko zenbait irakasleren artean. Moodle-a erabili nahi ez dutenak, erabiltzen duten itxurak egiten dituztenak, behin plataforma informatiko batean trebatu eta horretan geratu direnak aurrera egiteko asmorik gabe, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeretan sinesten ez dutenak eta lotsarik gabe aitortzen dutenak... Baina batez ere, eta hau ere gure artean komentatu genuen, gutxiengo bat direla, gure ustez, IKTak erabiltzeko pausua eman bai baina horiek eskaintzen dituzten metodologia bide berriak urratzeko prest daudenak. Izan ere, metologiari dagokionez berrikuntzak proposatzen dituzten irakasleak izan ditugu, eta hauen eta gainontzekoen ikasgaiak lantzerakoan desberdintasun nabarmenak sumatu ditugu, batez ere, ikaskuntza esanguratsuari dagokionean.

Nola jakin dezakegu gehiago arazo honen inguruan?

Bestearen jarrera ulertzen saiatzeko, hoberena haren tokian jartzea izaten da askotan, eta horixe egiten saiatu ginen. Zein motatako laguntza, aholkularitza, prestakuntza edo motibazioa izan dezakete irakasle horiek irakaskuntza molde berri horietan murgiltzeko? Hortxe hasi ziren gure zalantzak nabarmentzen, eta are gehiago, galdera unibertsitate eremutik atera eta egungo Lehen Hezkuntzaren esparrura bideratu genuenean.
Isiltasuna eta zalantza nagusitu ziren batak besteari gaur egungo ikastetxeetan bizi den errealitatea zein ote den elkarri galdetu genionean.

Zein prestakuntza digital jasotzen du LHko irakasle batek? Zeinek eskaintzen dio halakorik? Ikasketak egiterakoan? Lan egingo duen zentroan emango diote? Delegaritzak? Gobernuak? Bere kabuz egin beharreko bidea da?

Guzti honekin, irakasleek beharrezko prestakuntza bat izatea funtsezkoa dela konturatu ginen eta honako zerrenda bat osatu genuen:

  • Arlo teknikoa menperatu: Kableatu muntaia, ordenagailua piztu eta itzali...
  • Oinarrizko ezagutzak: Sarean informazioa bilatu ( Mozilla ), posta elektronikoa menperatu ( Gmail-a, testuak editatu Open Office-kin ), testuak argitaratu eta partekatu GDocs-ekin, aurkezpen bat diseinatu Inpress-ekin eta IKT gida metodologikoak erabili.
  • Eskola barruko IKT arduradunaren "figura" ezartzea edozein arazoren aurrean irakasleak bere laguntza eduki ahal izateko.
Guk dakigula, duela hiru bat urte abian den eskola 2.0 proiektuari buruz ere, sortu ziren zalantzak, noski.

-Eskola publikoetan aplikatzen da soilik, ala kontzertatuetan ere?
-Zein metodologia jarraitzen dute?
-Zein helburu pedagogiko ditu?
-Ikasgai guztietan aplikatzen al da?
-Zer diote irakasleek proiektuari buruz?
-Zein dira ebaluazio irizpideak, eta zein modutako lotura du ekimenak egungo kurrikulumarekin?

Galderak asko ziren, eta horiek erantzuteko bideak jorratzen hasi ginen; nolabait ere, zein ate jo behar genuen zehazten: irakaskuntzan lanean dauzkagun lankideak, ezagunak eta erakunde ofizialak, erakunde ofizialen web guneak, gaia lantzen duten web guneak, ...

Ondoren, gure buruak horrelako errealitate batean irudikatzen saiatu ginen, eta planteatu zaigun galderak erantzun zaila duela ohartu gara. Lanean hasteko garaia da:
Lehen Hezkuntzako irakasle bezala, ze formakuntza teknologikoa behar dugu?

No hay comentarios:

Publicar un comentario