2011/10/29

3. SAKONTZEN:

IKASKUNTZA KOLABORATIBOA ETA IKTak

IKT-ak irakaskuntzan txertatzeak irakasteko metodologia aldatzea eskatzen duela badakigu.
Ez dira urte asko IKT-ak ikastetxean txertatu ziren lehen esperientziatik, baina denbora tarte horretan hiru ikuspegi nagusi nabarmendu dira.

1.- Trebakuntza prozedurak edo Computer Aided Instruction (CAI)
Tresnen erabilera konduktista da, 60. hamarkadan sortua. Ikaskuntzaren ikuspegi mekanikoa da. Ariketak eta galdera-erantzun saioak erabiltzen dituzte gai bat azaltzeko eta ikaslearen ulermen maila neurtzeko. Ikasleari, bere erritmoan ikasteko aukera ematen diote. Modu honetako aplikazioek ikaskuntza prozesuaren egitura lineala proposatzen dute. Egungo programek erantzun zabalak onartzen dituzte, bai eta ikaslea bakoitzaren ikaskuntzaren araberako garapen desberdinak aplikatu. Ebaluazio saioei dagokienez, emaitzen arabera, ikasgaia errepikatu arazi, hurrengora pasatzen utzi edo ikasi beharrekoa indartzeko ariketak proposatzen dituzte.

2.- Lan kooperatiboan oinarrituriko prozedurak (CSCW)
Aurrekoaren kontrapuntu gisa sortua, IKTen gaineko jakintzaren aplikazioa modu konstruktiboan eraikitzea planteatzen duen ikusmolde interdiziplinarra da. Ikasleak, informazioa jaso baino, eraiki dezan du helburu, baina ez du ikaskuntza ekintza sozial modura ulertzen. Taldean lan egitea proposatzen du, bai, baina eginbeharren banaketa eta taldeko partaideen arteko koordinazioa dira proposamen nagusia. Ikaskuntza, ikasleek aurrez koordinaturiko lanaren baitan dago.

3.- Kolaborazioan oinarrituriko prozedurak ( CSCL)
Ikusmolde honek, kontzeptu berriei eusterakoan, eztabaidaren bidez norbanakoen zein taldeen abileziak garatzea bilatzen du. Aldi berean, pertsona bakoitza bere ikaskuntza prozesuaren arduradun nagusia da. Teoria askotan oinarritzen da, tartean Piagetenak eta Vygotskyrenak direlarik). Berrikuntza nagusia, pertsonen arteko kolaborazioa sustatzeko sare birtualak eta IKTak erabiltzea da. Arazo konplexuei irtenbidea bilatzea da proposatzen dena, bakarka, talde txikietan zein handietan. Zailtasun handiena, diziplina arteko (interdisciplinar) ekintza izateak dakar: irakasleak, ikasleek, kurrikulumaren diseinatzaileek, ikerlariek, sistema garatzaileek,... Denek elkar ulertzea ezinbestekoa da.

Kolaborazioan oinarrituriko prozedurak ( CSCL), konstruktibismoan oinarrituak eta ikaskuntza prozedura sozial modura ulertzen dituztenak dira.
Kooperazioan, helburu komun batzuk lortzeko, taldeka egiten da lan, baina banakoak helburuak lortzekotan, gainontzeko guztiek ere lortu behar dituzte.
Kolaborazioak, aldiz, ez du zertan talde lana izan behar. Ikaskuntza kolaboratiboa gerta dadin, honakoak dira baldintzak:

* Banakoaren ahalegina ezinbestekoa da taldearen arrakastarako.
* Elkarlana, elkar harremana eta elkarri laguntzea ezinbestekoak dira.
* Ardura, norberekiko eta taldearekiko ardura.
* Abilezia sozialak egoki erabiltzea. Konfiantza giroa ezinbestekoa da.
* Taldean eginiko hausnarketak ezinbestekoak dira ideia komunak (helburu gorena) atera nahi badira.

Kooperazioan oinarrituriko prozeduretan, irakaslearen kontrola maximoa da: talde lanerako eginbeharrak finkatu, beharrezkoa den informazioa banatu, metodo konkretuez lana egituratu eta talde lanak eman beharreko emaitza jakinarazten du.
Kolaborazioan, taldeek lan metodologia finkatzeko askatasun handiagoa dute, baita zein informazio behar duten erabakitzeko ere. Irakasleak, bitartean, prozesuan zehar lagundu egingo die. Prozedura irekia da, baina iparrorratza, galdera eragile bat izango da.


KOLABORAZIOA GELAN. OINARRIZKO PRINTZIPIOAK:
1.- Testuinguruaren, ikasleen ezaugarrien eta irakasleen ezaugarrien azterketa.
2.- Metodologia hautatu: ikasgaia aurrera eramateko, metodologia desberdinak konbina daitezke: helburu batzuk lortzeko teknika konduktistak, besteetarako kolaborazioan zein kooperazioan oinarrituak.
3.- Beharrezkoak diren IKTen aukeraketa.
4.-Prozesu osoaren plangintza:

  • Aktibitateen sekuentziazioa
  • Ikasleekin tutoretza eta ebaluaketa saioak
  • Prozesuaren ebaluazioa

5.- Beharrezko materiala prestatu.
6.- Prozesua martxan jarri eta prozesuaren ebaluazio jarraitua egin.
8.- Prozesu osoaren ebaluazioa eta feedbacka.

KOLABORAZIOAN OINARRITURIKO PROZEDURAK. TEKNIKAK.

JIGSAW:
Banakoak taldearekiko izan beharreko ardura sustatzea. Arazoa zatikatu eta taldekideen artean banatzen da. Ondoren, lanketa guztiak batzen dira eta berregituraketa baten bidez, taldean egin beharreko analisirako prestatzen da.

BRAINSTORMING:
Arazo jakin batekiko ideia anitzak baina konkretuak biltzean datza. Segidan, ideia batzuei eutsiz eta besteak baztertuz, soluzioa kontsentsuz bilatzea.

PIRAMIDEA:
Soluzio konkreturik ez duten arazoentzat. Kontsentsua bilatzen da, baina eztabaida sustatu ondoren. Ikasle bakoitzak, irtenbide propioa ematen dio arazoari. Ondoren, taldeka (normalean bikoteka), eztabaidatu eta kontsentsu berria ateratzen da. Horrela, talde handi bakarretik irtenbide bakarra atera arte.

KOLABORAZIOAN OINARRITURIKO PROZEDURETAN ERABILI BEHARREKO IKTen NOLAKOTASUNA:


  • Errazak eta eraginkorrak: Ezin dugu teknologia konplexuak ikasten denborarik galdu.
  • Aurrez zein bestela eginiko lanak berrerabiltzen utziko diguna.
  • Informazioa antolatzeko modua emango diguna.
  • Ikasleen ebaluazioari lagunduko diona. Ikasleak uneoro jakin behar du lanaren zein fasetan aurkitzen den.
  • Produktu konkretuak elkar lanean sortzen utziko duena (wiki moduan)
  • Prozesuaren ebaluazioa erraztu behar du
  • Tutoretza eta elkar komunikazioa erraztu behar ditu.
  • Ikasleari erabakiak hartzen lagundu behar diote, eta jarrera hori sustatu.
  • Open source izatea komeni. Lizentzia pribatuak saihestu.
  • Egonkorra izan behar du eta hobeto ongi testatutako bertsioekin aritu, ezagutzen ez ditugun eguneraketa berriekin baino.
  • Lanaren fase, etapa eta eginbehar guztiak modu argian azaldu behar ditu.
  • Teknologiak ezin du hezkuntza lana oztopatu.
  • Tresna guztiak plataforma bakarrean integratzea komeni da.
ESZENATOKI BERRIA, EBALUAZIO MODU BERRIAK:
Ebaluazio iturri mixtoekin jokatu beharra dago.
Teknika kuantitatiboak: Gertakarien bilketa automatikoak
Teknika kualitatiboak: obserbazioak, galdeketak eta eztabaida taldeak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario