2011/10/02

3. SAKONTZEN: Informazio eta Komunikazio Teknologiak Lehen Hezkuntzan

XXI. mende hasiera honetan, eskolak ezin die Informazio eta Komunikazio Teknologia berriei bizkarra eman. Hargatik, egun oraindik nagusi diren materialek, liburuek, etorkizunekoekin elkarbizitzan biziraun beharko dutela dirudi.

Baina IKTak gelan sartze hutsak ez du berez hezkuntza hobetzen, ez ditu ikasleak bereziki motibatzen, ez eta ikaskuntza errazten ere; eta batez ere, ezin ditugu liburua nagusi zeneko metodologia bera aplikatzeko erabili. IKT-ek berrikuntza teknologikoak ekarri dizkigute baina hezkuntzan baliagarriak izan daitezen, haien potentzialari ahalik eta etekin gehien aterako dien pedagogia sortu beharra dago. Horretarako, Hezkuntza sistema osoaren eraldaketa beharrezkoa da.

XXI. mendeko kultura multimodala da: hainbat euskarri kontuan hartuta adierazten, produzitzen eta zabaltzen da, eta hainbat hizkuntza eta formatu desberdinen bidez. Horregatik, horiek guztiak txertatu behar dira hezkuntza sisteman, eta aurrerabideen abiadura eta garapena ikusita, ikasleak bizi osoko ikaskuntza prozesu batean murgiltzea (ikasten ikastea) beharrezkoa da, teknologia berrien erabiltzaile arduratsu eta kritiko moduan. Guzti honetarako ezinbesteko den multialfabetizazioak 4 dimentsio nagusi ditu:



  • Dimentsio instrumentala: Softwarea eta Hardwarea erabiltzen jakitea.
  • Dimentsio kognitiboa: ikaskuntza esanguratsua helburu, informazioa modu eraginkorrean lantzea eta komunikatzea.
  • Jarrera sozialen Dimentsioa: Teknofobia eta teknofiliaren arteko oreka mantentzea.
  • Dimentsio Axiologikoa: Informazioa kritikoki aztertu eta modu etikoan zabaltzea.

Multialfabetizazioak irakasleen egunerokoan duen eragina eta sortzen dituen erronka berriak:



  • Ikasleak informazioz gaindituta datoz, baina horrek ez du esan nahi gehiago dakitenik. Jakintza eraikitzen eta ikaskuntza esanguratsua lortzen erakutsi behar diegu, baita informazioa modu erreflexibo, kritiko eta etikoan erabiltzen ere.
  • Ordenagailuekin ari garenean, gelako esperientzia desberdina da ikasle bakoitzarentzako, arek erabakitzen baitu bere lanean hartu beharreko bidea. Beraz, ez dago ikaskuntza homogeneo eta erritmo bakarrekorik.
  • Irakaslea jada ez da orojakile izango (ikasleek lantresnak hobeto menperatzea onartu egin behar du) eta ezta informazioaren jabe bakarra ere.
  • Gure zeregina, ikasketa prozesua antolatzea, proiektuak proposatzea, gidatzea, zuzentzea eta ebaluatzea izango da, erronka nagusia, IKTen erabilera egokia eta ikasgaien helburuak uztartzea izango delarik. Ikasleek beraiek euren lan plangintzak eratzea lortu beharko dugu, IKT-ak erabiliz proposatzen zaizkien erronkei erantzun onargarriak eman diezazkieten, azkenik, euskarri digitaletan ezagutzera eman beharko dituztelarik. Beraz, ikasleek, "gauzak eginez" ikasiko dute IKT-ak erabiltzen. Inprobisazioa saihestuko dugu, eta denborak ongi neurtuko ditugu.
  • Aprendizaia, esperientzia indibiduala izatetik elkarlanean oinarritua izatera igaroko da, eta askotan, gelako lau hormak gainditzen dituen errealitateekin jokatu beharko dugu. Hala ere, honek ez du esan nahi bakarkako lana saihestu behar denik.
  • Multialfabetizazioa ikasgai guztietan txertatzen asmatu beharra dago. Gelan lantzen diren eduki kurrikular guztiekin aplikagarriak izan behar dute. Era berean, unitate didaktikoak edo aktibitate jakinak planteatzerakoan, argi izan behar dugu zein konpetentzia edo gaitasun digital landu nahi ditugun eta kurrikulumeko edukiekin zuzenean erlazionaturik egon behar dute.

Manuel Area Moreiraren "La competencia digital e informacional en la escuela" testutik ateratako ondorioen laburpen edo sintesia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario