2011/12/29

Informazioaren gizartea, IKTak eta hezkuntza

Askok uste duenaren kontra, teknologia ez da egungo globalizazio egoeraren zergatia. Hala ere, prozesu hau azkartzen duela ukaezina da, datuen bat bateko transmisioa dela eta. Beraz, argi dago IKTek eragin zuzena dutela egungo gizarte ereduan, eta kontuak kontu eta iritziak iritzi, lau diskurtso nagusi bereiz daitezke gaur egun: Diskurtso merkantilista, IKTak garapen ekonomikorako ezinbestekoak direla dioena, diskurtso kritiko politikoa, IKTak giza garapenaren eta garapen sozialaren zerbitzura egon behar dutela dioena, diskurtso teknozentrista, teknologia digitala munduko arazo guztien konponbide gisara ulertzen duena, eta azkenik, diskurtso apokaliptikoa, IKTek idealak eta baloreak deuseztatzen dituztela dioena.

Gauza guztiek bezala, IKTek badituzte alde onak eta txarrak, eta horietaz jabetzea garrantzitsua da. IKTek, batez ere elkarrengandik urrun dauden pertsonen arteko komunikazioa errazten dute, zerbitzuen kalitatea hobetzen dute eta produkzio aktibitate berriak sortu dituzte. Gainera, mundu osoko jendeak elkarren berri izatea ere errazten dute. Baina esan bezala, alde iluna ere badute. Gure munduak jada ez daki makinarik gabe funtzionatzen eta globalizazioa mendebaldeko zibilizazioaren nagusitasun kulturala ezartzen ari da. Gainera, IKTak ez daude gizarte maila guztien esku, eta horrek arrail digitala sortu du. Pribatutasunaren galera eta herritarren kontrola ere inoiz baino handiagoak dira.

IKTen garapen azkar honek, hezkuntzan ere izan du eragina, noski. Ikasleen egokitu beharra ez da sekula hain bortitza izan, oso azkar garatu delako eta oso denbora gutxian. Egungo gazteek sekulako informazio pila daukate eskura, eta egungo hezkuntzaren erronka berriak ikasleak informazio horren kudeatzaile eraginkor bilakatzean datza. Informazio baliagarria eta baliagarria ez dena bereizten jakingo dutenak. Beraz, zerrenda ditzagun hezkuntzak egun dituen arazoak batetik, eta erronka berriak bestetik:


HEZKUNTZAREN ARAZOAK
  1. Analfabetismo teknologikoa
  2. Informazio gehiegi
  3. Hipertestuak ulertzeko zailtasunak
  4. Eskakizun hezigarri berriak
  5. Sistema hezigarrien desdoitzea
  6. Aldaketa azkarretara ez egokitzea

HEZKUNTZAREN ERRONKAK
  1. IKTak eskolan txertatzea
  2. Hezkuntza helburu eta metodoak egokitzea
  3. Teleformakuntza
  4. Eskakizun soziolaboral berriei erreparatu
  5. Alfabetizazio teknologikoa garapen sozialeratntz bideratu
  6. Ikasten irakatsi.


Irakaslearen paperari dagokionez, IKTetan jantzia izan behar du derrigor, eta berrikuntza pedagogikoetara zabalik egon behar du.

Alfabetizazio kontzeptua ere aldatu egin da. Egun, alfabetizazio digitala da hezkuntzaren helburu, eta hiru jardun eremu ditu:
  1. Informazioa jasotzea eta ulertzea
  2. Komunikazioa eta interakzio soziala (lan kolaboratiboa gelan eta gelatik kanpo)
  3. Informazioa adierazten eta zabaltzen jakitea.
Metodologia aldatzea premiazkoa dela esan dugu, eta proiektuka lan egiteko modu bat ditugu WebQuest delakoak.

E-learninga, egungo internet bidezko heziketa da. Baina interneten erabilera hezkuntzan, ez da ulertu behar presentzialitatearen ordezko aukera bezala, irakaslearen jarduera gelatik kanpo handitzen eta osatzen duen osagarri gisa baizik.

Web 2.0 egun interneteko joera nagusiak asetzen dituen web motari esaten diogu: erabiltzaileak sortzen eta eguneratzen du informazioa, komunikazioa norabide anitzekoa da eta informazioa aldakorra da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario